Hizkuntzak

Eleka sortu da, «heziketa iraultzailea eta ideologikoa sustatzeko» helburuz (BERRIA)

Egilea: Gotzon Hermosilla (BERRIA)

«Heziketa iraultzailea eta ideologikoa» sustatzea, «langileen prestakuntza politikoa» bultzatzea eta «kontzientzia kritikoa eta militantzia politikoa» suspertzea. Horiexek dira Eleka erakunde sortu berriak bere buruari ezarri dizkion helburuak. Portugaleten egin dute elkarte berriaren aurkezpena, eta, dagoeneko, lehenengo egitasmoak iragarri dituzte: maiatzaren 2tik 4ra jardunaldiak antolatuko dituzte Donostian eta Bilbon.
Prestakuntza ideologikoa lehentasun izanik, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, hausnarketa taldeak, herri eskolak eta antzekoak antolatuko ditu Eleka-k. Baina «Nazio Askapenerako Mugimenduaren ondare ideologikoa jaso eta berregitea ere» izango da elkarte berriaren lan esparrua, eta, hortaz, memoria historikoaren auziari ere helduko diotela iragarri dute.
Eleka-k ezker abertzalearen esparru politikoan kokatzen du bere burua, eta «independentzia eta sozialismoaren alde diharduten guztiei» gune irekia eskaini nahi die. Alde horretatik, tradizio politiko hori osatu duten «iturri guztiak» hartu nahi ditu aintzat, eta Jesus Larrañaga, Txabi Etxebarrieta, Jose Miguel Beñaran Argala eta «sasian askatasunaren alde jardun duten guztien ekarpenak» goraipatu dituzte.
Kultura komunista berpiztu
Eleka-ren sorrera agirian, «komunismoaren oinarriak» aldarrikatzen dituzte, eta «eraldaketarako eta praktika iraultzailerako tresna egokiak» direla adierazten dute. «Komunismo berrituaren» ildo horretan, «aurreiritzi gris eta zaharrak desegin eta bide berriak egiteko» deia egiten dute aipatutako agirian.
Balio iraultzaileekin batera, independentziaren beharra ere nabarmentzen dute Eleka-ren sortzaileek, «independentziak soilik eman ahalko baitu diruzalekeria kapitalistatik urrunduko den eta gure ametsetarako irekia izango den etorkizuna eraikitzeko ahalmena».
Era berean, «pentsamendu iraultzailea egituratzeaz eta teorizatzeaz» harago, lan politiko zehatzetan parte hartzeko deia ere egin dute: «Geure burua komunistatzat jotzea lan egitea ere bada, antolatzea eta kalean bizitzea».
Eleka-ren lehenengo ekimena maiatzaren 2tik 4ra Donostian eta Bilbon antolatuko dituzten jardunaldiak izango dira. Jardunaldi horien xedea «Euskal Herriko errealitatearen eta nazioarteko egoeraren arteko harremana aztertzea» eta «langile klaseari eragiten dioten gaien inguruan eztabaidatzea» izango da.
Omenaldia
Eleka-ren aurkezpen ekitaldian ezker abertzalearen kide ezagun ugari agertu dira. Han egon dira, besteak beste, Sortuko Iker Casanova, LABeko Jagoba Zulueta, Askapenako Walter Wendelin eta beste zenbait. Beste aldetik, ekitaldian omenaldia egin diote Jesus Larrañaga euskal komunista historikoari, eta lore sorta eskaini diete haren senitartekoei.