Hizkuntzak

Abertzaletasun esentzialistatik dialektikora (I):

Egilea: Unai Apaolaza

Sorrerako ETA

Hiru zatiei sarrera

Hiru zatitan aurkeztuko dudan lan honek, abertzaletasunak 60. hamarkadan izan zuen aldaketa azaltzea du xede. Lehenengo atalean ETA-k bere sorreran zuen ideologia aztertuko dut, bigarren atalean berriz, Krutwigek idatziriko Vasconia liburuari begiratuko diot eta azken atalean, ETA-ren V. batzarraren inguruko ekarpen ideologikoak aztertuko ditut. Lan hau egiteko nire doktoregoko ikerketa lanaren zati batzuk baliatu ditut.

Arreta, naziotasuna gauzatzeko moduan jarri dut; hau da, naziotasuna esentzia batzuen arabera ulertzetik modu dinamikoan ulertzeko eman zen jauzian. Azken aste eta hilabeteetan izan dugun eztabaidaren terminologiari jarraituz, identitate nazionala “izatetik” “eraikitzera” egin zen bilakaera aztertu dut. Norbaitek pentsa lezake eztabaida hutsala dela, ez duela ezertarako balio, baina ikuskera bat edo bestea izateak eragina izan du Euskal Herriko azken hamarkadetako alor sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalean.

Bilakaera hau neurri handi batean ETA-k eta bere inguruan sortu zen mugimendu politiko, sozial eta kulturalak egin zuen 60. hamarkadan. Nik ideia politikoak aztertu ditut, naziotasunaren eta ezkertiartasunaren ikuspegiari garrantzia eman diodalarik. Hala ere, iraultza-bilakaera hau beste edozein alorretatik aztertzea ere posible da (kultura, artea, folklorea, ekonomia…), neurri handi batean ikuskera orokorraren (kosmobisioaren) aldaketa izan baitzen   iraultza hau eta ondorioz  euskal jendarteak zituen  espresio asko aldatu baitzituen.  Finean, abertzaletasunaren zati handi batek bide zaharrek inora ez zeramatela sumatu zuenean bere burua berrasmatu eta bide berriak ireki zituen, horretarako molde estatikoetatik dinamikoetarako jauzia egin zuelarik.

 

Historia pixka bat

 

1936. urteko gerrak galtzaileentzat bilakaera oro errotik moztu zuen. Kulturala, soziala, ekonomikoa eta zer esanik ez politikoa. Gerraren amaierak erbestea suposatu zuen euskaldun askorentzat eta Euskal Herriaren hegoaldean gelditu zirenentzat errepresioa. Erbestean eta errepresiopean herri baten garapena ezinezkoa egiten da.

Abertzaletasun edo euskal nazionalismoaren ideologiari  dagokionez, hau ere garapenik gabe gelditu zen; hala ere gerra bukatu eta hurrengo urteetan askapenerako estrategiak fase ezberdinak izan zituen. Beltzak, El nacionalismo Vasco en el exilio 1937-1960 liburuan abertzaletasunak garai horretan izan zituen estrategiaren fase ezberdinak denboran mugatu eta berauen berezitasunak aztertzen ditu.

• 1937-1945. Gerra galdu eta gero erbesteko bidea hartu zuten koadro abertzale gehienek. Erbeste hau gogortu egin zuen  nazien zabaltzeak Europan zehar.

1945-1947. Euskal gobernuak berrantolatu eta erreferentzialtasuna eta errespetua berreskuratu zituen hegoaldeko euskal erresistentzian, baita erbestean eta naziei aurre egin zien aliatuen artean ere. Euskal gobernuaren eta abertzaletasunaren estrategia, aliatuek eta aliatuen artean AEB-ek batez ere, Franco boteretik kendu eta Espainiako errepublika berrezartzeko esperantzan oinarritzen da. Honela, Espainian errepublika berrezartzeak autonomia emango bailioke hego Euskal Herriari.

1948-1952. Garai honetan, gerra hotzaren aitzakiapean eta komunismoari aurre egiteko argudiopean, mendebaldeko potentziek, Francoren erregimenarekiko erlazioak normalizatzeko joera hartzen dute. Honek EAJ-PNV-ren estrategia nagusia hankaz gora utzi zuen.

1953-1960. Beltzaren aburuz, urte hauetan EAJ-PNV-k ez zuen gaitasunik erakusten jada porrot egin zuen AEB-en aldeko estrategiari aldizkatze bat eraikitzeko. Ez zuen Euskal Herriaren askapena lortzeko estrategiarik. Honek, EAJ-PNV-ren magaletik kanpo beste abertzaletasun mota bat sortzen lagundu zuen.

Abertzaletasun berri hau, ia ezerezetik, bide berri bat eraikitzen hasi zen; lehenik abertzaletasun klasikotik edanez eta pixkanaka erreferentzia berriak bilatuz eta hauek Euskal Herriko errealitateari txertatuz. Bilakaera ideologiko hau da aztertzen saiatuko garena.

 

 

Ikuskera esentzialista

 

ETA-ren sorreratik I. batzarra arteko ideologia aztertzeko, ezinbestekoa da Liburu Zuria deiturikoa eta asanblada honen karira kaleratutako erakunde sortu berriaren oinarrizko printzipioak biltzen dituen Zuzenbide dokumentua arakatzea. Liburu zuria ETA-ko militanteak formatzeko erabili zen liburuxka da; berau gauzatzeko Ekin-eko garaitik militanteen formakuntzarako osatu ziren koaderno ezberdinak berritu zituzten. Bi testu hauek oinarritzat hartuta sortu berria den ETA-ko ideologiaren ildo nagusiak marrazten saiatuko naiz.

Arestian aipatu bezala, ETA-ren abertzaletasunaren erreferentziak abertzaletasun klasikoan zeuden kokaturik, oraindik beste abertzaletasun motarik ez baitzen existitzen. Abertzaletasun klasikoko autoreen artean Sabino Arana da eragin nagusia duena. Hona hemen garaiko ETA-k Sabinori zion miresmenaren adibide bat:

La inteligencia poderosa de Arana y Goiri penetró pronto en los arcanos del sentimiento patrio y no tardó mas su magnánimo corazón en sentirse cautivo por la belleza, por la justicia de la nueva Idea, con la emoción inenarrable del hijo que llega a conocer a su propia madre, abandonada al presagio de una muerte cercana. Y surgió ante su serena, inalterable, el gran problema: RESPONSABILIDAD.[i]

Sabinoren ondare ideologikoa onartzeak, neurri handi batean ETA-k bere lehen urteetan izango zuen ideologia baldintzatuko du. Horrela ETA-k naziotasuna esentzia edo arima baten arabera ulertzen du. Euskalduna nolakoa den, zein den, nola jokatzen duenari erreferentziak etengabeak dira. Erakunde sortu berriarentzat badago euskaldunak euskaldun egiten dituen arima nazional bat; pertsona bat euskalduna den edo ez esaten diguna. Zeintzuk lirateke naziotasuna emango luketen faktore horiek?. ETA-ren formakuntzarako erabili zen Liburu zuriak kutsu esentzialista du, nahiz eta diskurtsoan ez oso koherentea izan. Liburuaren zati batean bereizgarri batzuk azaltzen dira eta gero desagertu egiten dira beste zati batean. Honen arrazoia, erakundea trantsizio momentu batean egotea izan daiteke, argipen ideologiko bila egotea. Baina, azter dezagun liburuan jartzen dituenak.

Erlijioa euskaldunek nola ulertzen duten azaltzen digu, hau konprenitzeko moduak beste herrialdeetatik bereizten gaituela esanez.

Es verdaderamente notable la diferencia existente entre la religiosidad procesional española y las profundas del vasco, que se oponen igualmente por su generalidad y arraigo  al tibio ambiente religioso francés.[ii]

Euskalduna bere esentzian demokratikoa dela ere esaten da.

Políticamente el vasco siempre se ha basado en que la autoridad y las entidades jurídicas y políticas están al servicio de la persona humana, y no esta al servicio de aquellas. El vasco ha sido por esencia –y consecuentemente en su historia – democrático;[iii]

Esentzia eta historiarekin lotura egiten du ETA-k, hau baita esentzialismoaren nahitaezko ezaugarria. Esentziala dena atenporala da, denboraz kanpokoa; ondorioz, historian zehar beti eman den, beti horrela izan den bereizgarri bati buruz ariko ginateke. Emakumearen egoera ere modu esentzialista honetatik azaltzen da.

 

Frente al concepto tan generalizado de la mujer como promesa placentera, frente a la mentalidad de Don Juan. Frente al concepto de Dama (cosa bella e idealizada, pero despersonalizada), opone el vasco su concepción trascendente de la Mujer como Madre y Como Etxekoandre: es decir, como elemento fundamentalmente humano y de primera importancia en la organizacion social.[iv]

Bukatzeko, euskara  jartzen du  euskal naziotasunaren oinarritzat.

 

 

Hizkuntza edo arraza

Aspektu ideologikoan azpimarratzekoa edo berria  dena (naiz eta EAE-ANV-k 1936.nean egin), naziotasuna gauzatzeko faktore ezinbestekotzat arraza beharrean hizkuntza jartzea da. Aranismoaren oinarrizko kontzeptu biologikoa den arrazak lekua uzten dio hizkuntzari. Arraza kontzeptua aipatzen da baina ez da funtsezkoa.

Creemos que el Euskera es FACTOR ESENCIAL. No ya por razones teóricas. Que aquí no nos interesan excesivamente. Sencillamente: Euzkadi EXISTENCIALMENTE, entre España y Francia, y dado el grado de asimilación concreto que padece nuestro país, DESAPARECERA CUANDO MUERA EL EUSKERA.[v]

Arrazari oinarrizko funtzioa kentzeak bide ematen dio erakunde sortu berriari arrazakeria salatzeko. Hau argi azaltzen du bere garaiko ideologia finkatzen duen Zuzenbide dokumentuan.

Arrazakeria gaitzesten du; ortaz, ez du ontzat ematen erri baten edo besteren jatorrizko gaillentasunik. Kanpotarren erbesteratzerik edo bakartzerik ez du, beraz, on artuko, kanpotarrak Euzkadi´ren interesen eta eskubideen aurka jokatzen ez duten artean.[vi]

Horrela, immigrazioa jada ez da mehatxu bat beste arraza batekoa delako, masiboa delako baizik, eta azken hau euskal “arimarentzat” (Hizkuntza eta kulturarentzat bereziki) eraso bat izan daiteke. ETA-k immigranteari oraindik ez dio integratzea eskatzen Euskal Herria errespetatzea baizik.

RECONOCEREMOS SUS DERECHOS SOLO A LOS INMIGRANTES QUE RECONOZCAN LOS NUESTROS. A los otros los consideramos maketos al servicio del genocidio español. Y los trataremos como agentes extranjeros.[vii]

Euskal Herriari errespetua eduki arren ez du immigrantea euskal nazioan integratzeaz hitz egiten. Hala ere, jada egin den saltoarekin, hots, faktore biologikoa den arrazaren ordez faktore linguistikoa den hizkuntza naziotasunaren oinarritzat jarriz , imigranteari euskal naziorako bidea irekitzen dio. ETA-k dagoeneko jarri ditu erreminta ideologikoak mahi gainean epe laburrean immigranteari euskal nazioko ateak irekitzeko. Horrela, hizkuntza ikasteak, euskal nazioko kide izateko nahia izateak edo bertako sentitzeak pertsona bat euskaldun egingo du.

ETA eta ezkertiartasuna

 

ETA-k 1962.neko maiatzean plazaratutako “Zuzenbide” dokumentuan, komunismoa faxismoarekin parekatu eta biak ala biak diktatorialak direla dio. Hau irakurrita komunismoarekin ezer jakin nahi ez duela pentsa liteke, baina garai horretako testuak irakurriz gero guztiz horrela ez dela konturatuko gara Komunismoari aurkakotasuna, abertzaletasuna baitan, 36.neko gerra eta gero oso zabaldua zegoen sentimendua zen. Sentimendu horren sorburua EAJ-PNV-k  Ameriketako Estatu Batuekin zeukan kolaborazioan eta gerra hotzean kokatu daiteke. Testuinguru honetan gogoratzekoa da EAJ-PNV-k, komunistak, Eusko Jaurlaritzatik bidali egin zituela 1948.neko maiatzean. ETA ere, sentimendu honetan harrapaturik dago; bere ideologia eraikitzen ari denez, oraindik abertzaletasun klasikoarekiko ezberdintasun ideologiko handirik ez baitu nabarmendu. Hala ere, Liburu zurian, munduan garaipenak lortu dituzten ideologia politikoak aztertzerakoan, komunismoari lehentasuna ematen dio; ideologia bezala ez, baina metodo bezala interesatzen zaiola argituz.

Más interesa sobremanera, conocer el método de acción de los que triunfan, y de una manera especial de aquellos que por su desarrollo, métodos de acción, etc., pueden tener alguna similitud con nuestra organización.[viii]

Erakunde sortu berriak komunismoa ontzat ez emateko erabiltzen duen arrazoia, komunitateak norbanakoa zapaltzen duela da; eta hori ETA-ren ustetan euskaldunen izateko eraren, nortasunaren, kontra legoke. Beste behin ere arrazonamendu esentzialistak erabiltzen dira.

Kontuak kontu, defini al genezake garaiko ETA-ren ideologia ezkertiartzat? Ez dut ezkertiartasunaren definizioan sakonduko, baina orokorrean, eta neurri handi batean modu intuitiboz, erakunde sortu berriak ezkertiartzat hartu daitezken bereizgarriak aipatzen ditu; gero bakoitzak defini dezala ideologia hori ezkertiarra den ala ez. Lehenik eta behin ETA-k lehenengo batzarraren karira atera zuen Zuzenbide dokumentuan, bere burua nola definitzen duen ikusiko dugu. Hemen gauza kurioso bat gertatzen da, euskarazko bertsioan ez bezala, espainolezkoan, ETA-k bere burua iraultzailetzat definitzen du. Euskaraz hitz hori ez da inondik ageri.

ETA Euskal erakundeak bi elburu edo xede nagusi artu ditu bere eginbidearen gidaritzat: Aberriaren azkatzea, eta Erriaren beraren Azkatzea. Abertzale Ekintzan sortua da, eta ez du iñolako zer-ikusirik lehenagoko partidu, erakunde edo elkargorekin.[ix]

Euzkadi ta Azkatasuna (ETA) es un Movimiento Revolucionario Vasco de Liberacion Nacional, creado en la resistencia patriótica, e independiente de todo otro partido, organización u partido.[x]

 

Interesgarria izango litzateke honen zergatia jakitea. Diferentziak diferentzia, espainolezko bertsioari helduko diogu orain. Gurutz Jaureguiren ustez iraultzaile hitza erabiltzen duenean statu quo-aren iraulketaz ari zaigu, estatu frantses eta espainolaren menpeko egoeraren iraulketaz hain zuzen ere. Horrela, ez da “iraultzaile” hitzak hartu duen konnotazio ezkertiarra kontutan hartu behar, oinarrizko esanahiaren erabilera egiten baitu. Euskal Herria independente batez ariko litzateke.

Erakunde jaio berriak bestalde, bere burua definitzerako orduan pertsonen eskubideen aldeko mugimendu bezala definitzen du, federalismo europarraren aldekoa, arrazismoaren aurkakoa, akonfesionala, liberalismo ekonomikoaren aldekoa, oinarrizko sektoreen sozializazioaren aldekoa… Hau ikusirik, autore batzuen ustez, ETA-k ez du ezer berririk asmatu; Krutwigek 1936.neko ekainean EAE-ANV-k onartutako programarekin berdintzen du eta Gurutz Jaureguiren ustetan talde ekintzailearen programa ETA-rena baino aurrerakoiagoa zen.

Contrariamente a la opinión de Krutwig, quien considera el programa social de la I Asamblea de ETA copiado del de la Asamblea de 1936 de Acción Nacionalista Vasca, Gurutz Jáuregui piensa que el programa de ANV era mas avanzado que el de la primera ETA, y que la influencia predominante en ella es la de la línea demócrata-cristiana avanzada del PNV.[xi]

Iker Casanovak horrela azalduko du hastapeneko ETA-k abertzaletasunaren lehenagoko esperientziekin konparatuz  berritasun handirik ez ekartzea:

Para algunos, estos principios no aportan novedad alguna con respecto a lo establecido por ANV antes de la guerra, pero lo cierto es que la posguerra había cortado la continuidad de este movimiento y ETA se encontraba en la necesidad de reivindicar el nacionalismo de izquierdas partiendo casi de cero.[xii]

Ondorioak

ETA-k urte hauetan egin zuen ekarpen ideologikoa testuingurutik kanpo aztertzea akatsa da. Garaiko Euskal Herriaren egoerako produktua baita oso-osorik. Itotzen ari zen eta ia hilzorian zegoen komunitate baten erantzun moduan ulertu behar da ETA-ren sorrera. Hortaz, distantziatik, berdin tenporal zein ideologikotik, erakunde jaio berriaren pentsaeran kontradikzioak bilatzen ibiltzea ezer ez ulertzea da.

Garai horretako ETA-ren bereizgarri bat aipatu behar bada, hori ekintzarako grina, akziorako gogoa, hau da, zerbait egiteko premia bizia, da. Bere herria (kultura, ingurua, kosmobisioa) hiltzen ikusten ari denaren erreakzioa da ETA.

Beste bereizgarri bat formakuntzarako gogoa litzateke, Frankismoa bere gorrienean zegoenean, euskal hizkuntza, kultura… debekatuak zeudenean, hauek berreskuratu eta ideia berriekin txertatzeko gogoa.

Sortzen ari zen abertzaletasun berria trantsizio egoeran zegoen. Abertzaletasun klasikoak ez zuen asebetetzen, baina zerbait berria eraikitzeko zituen erremintak abertzaletasun historikoak emandakoak ziren. Diskurtso esentzialista batekin mugimenduan zegoen errealitatea azaldu nahi zuen; hau da trantsizio egoeran egotearen paradoxa, erreminta zaharrekin zerbait berria egitearena. Aurrerago ikusiko dugun moduan ETA-k erreminta horien bila  kanpora joko du eta beste borroka esperientzietako ideologoak hartuko ditu eredu  (Marx, Mao, Che, Fidel, Fanon, Ho Chi Min…). Guzti honek, erakunde jaio berriaren ipar orratza ezkerraldera mugitzea ekarri zuen.

 

 


[i] ETA, Liburu zuria, ETA 1961-1962 (13.-14. orrk.)

[ii] ETA, Liburu zuria, ETA 1961-1962 (44. orr.)

[iii] ETA, Liburu zuria, ETA 1961-1962 (44.-.45. orrk.)

[iv] ETA, Liburu zuria, ETA 1961-1962 (45. orr.)

[v] ETA, Liburu zuria, ETA 1961-1962 (116.-117. orrk.)

[vi] ETA; “Zuzenbide”, Euskadi eta Askatasuna I. Tomoa, Andoainen, Aise Liburuak S.A, 2005 (258.orr)

[vii] ETA, Liburu zuria, ETA 1961-1962 (121. orr.)

[viii] ETA, Liburu zuria, ETA 1961-1962 (23. orr.)

[ix] ETA; “Zuzenbide”, Euskadi eta Askatasuna I. Tomoa, Andoainen, Aise Liburuak S.A, 2005 (257.orr)

[x] ETA; Principios, Vasconia, Herritar Berri S.L.U., 2006 (607.orr)

[xi] Letamendia, Francisco; Euskadi pueblo y nacion, 2. Tomoa, Donostian, Kriseilu (25,orr.)

[xii] Casanova, Iker; ETA 1958-2008. Medio siglo de historia, Tafallan, Editorial Txalaparta s.l., 2007 (35.orr.)