Hizkuntzak

Eleka herri-ekimenaren aurkezpena

Portugalete

Aurkezpena

Larunbat honetan, apirilaren 20an, ELEKA herri-ekimena aurkeztuko dugu. Ezker Abertzalearen baitan kokatzen den erakunde hau militantziaren heziketa iraultzailea eta ideologikoa sustatzeko asmoarekin jaio da. ELEKAk, Euskal Herriko langileen prestakuntza politikoa eta ideologikoa bultzatzeko asmoa duen heinean; kontzientzia kritikoa, militantzia politikoa eta langileriaren antolatzeko eta erantzuteko gaitasuna suspertzea du helburu.

Horretarako, ELEKAk jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, hausnarketa taldeak eta eztabaidarako guneak antolatuko ditu. Hala ere, antolakunde honen erdigunea Herri Eskoletan kokatuko da, bertan, era iraunkorrean eraikuntza nazionala eta soziala helburu duen etengabeko prestakuntzara bideraturiko gaitegiak landuko direlarik. ELEKA independentzia eta sozialismoa binomioaren alde diharduten guztientzat irekita dagoen espazioa da.

Bestalde, Nazio Askapenerako Mugimenduaren hondare ideologikoa jaso eta berregiteko ezinbestekoa da memoria historikoaren auziari ere heltzea. XX. Mendearen lehen hamarkadetan kokatzen da komunismo abertzalearen oinarrien jatorria. Garai hartan, langileriaren bizi-baldintzek, burgesia nazionalaren otzantasunak eta nazioarteko egoerak horretara bultzatzen zutelarik, askapen nazionala eta askapen soziala eskutik emanda antolatzen hasi ziren.

Orduz geroztik, klase-sistemaren abolizioaren aldeko borrokak eta nazio-independentziaren aldeko borrokak uzta oparoak eman ditu gure herrian. Euskal Langile Herriak iturri guztietatik edan du: independentista, komunista, gerrillari eta internazionalistetatik. Praxi politikoan; eredu izan ditugu Jesus Larrañaga, Txabi Etxebarrieta eta Argala, batzuk aipatzearren. Ezin ahaztu hauekin batera sasian ezeren truk askatasunaren alde jardun duten guztiak. Orain, arestian aipaturiko militanteek borrokaturiko helburu estrategikoak egikaritzeko, iraganeko oinarri ideologikoak indartu eta berritzeko garaia da.

Gainera, kapitalismoaren jazarpen ekonomiko eta politikoaren aurrean, kontrabotere herritarrak proposamen zehatzak planteatzeko garaia du. Ildo horretan, elkartasun iraultzailearen esparruan, lanean jarduteko bete-beharra dugula uste dugu. Horretarako, sare sozial eta ekonomiko berrien eraikuntzan jardungo dugu eraldaketa sozioekonomikoa helburu duen ororekin.

2013. urtean, gure herria aldaketa politikoaren atarian aurkitzen da. Klase-borroka ezkerretik lehertu dadin, aldaketa horrek langileriaren interesak ordezkatu behar ditu.

Jardunaldiak

Bide batez, maiatzak 1aren harira antolatzen ari garen jardunaldietan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. I. Jardunaldi hauen helburua Euskal Herriko errealitatearen eta nazioarteko egoeraren arteko harremana aztertzea izango da, gaur egun langile klaseari eragiten dioten gaien inguruan eztabaidatzeko.

Jardunaldi hauek Maiatzaren 2, 3 eta 4an antolaturiko dira, Donostian eta Bilbon, hurrenez hurren.

Euskal Herrian, 2013ko apirilaren 20an

ELEKA